La Linterna del Traductor

EDITORIAL

LA VOZ DE ASETRAD

CORRECCIÓN

INTERPRETACIÓN

Experiencias que marcan

TECNOLOGÍA APLICADA A LA TRADUCCIÓN

Pildoritas tecnológicas

TRADUCCIÓN CIENTÍFICA Y TÉCNICA

TRADUCCIÓN JURÍDICA

TRADUCCIÓN LITERARIA

Escritores traductores

TRADUCTOLOGÍA

TRADUCCIÓN AUDIOVISUAL

TRIBUNA UNIVERSITARIA

La universidad en primera persona

PANORAMA

Otras asociaciones

EIZIE (EU)

El dedo en el ojo

RESEÑAS BIBLIOGRÁFICAS

VENA LITERARIA

Otro drama moderno (microrrelato)

COLOFÓN

No solo de pan vive el traductor

Las ilustraciones de este número

CONTEXTO

CONTRAPORTADA

Panorama: Otras asociaciones

EIZIE

Versión en castellano

EIZIEk itzultzaile, interprete eta zuzentzaile profesionalak biltzen ditu, eskarmentu handikoak zein hasi berriak. Itzulpengintzak batzen ditu kideak, euskaratik edota euskarara egiten dituzten itzulpen, interpretazio zein zuzenketa lanak, edonon bizi direla ere.

Administrazioko itzultzaileak, interpreteak eta testu-zuzentzaileak biltzen gara EIZIEn; literatur itzultzaileak, ikus-entzunezkoen itzultzaileak, zinpeko itzultzaileak… bizibidez batzuk, bizioz beste batzuk; beren kasa batzuk, soldatapean beste batzuk…

Euskaltzaindiak Xabier Mendiguren Bereziarturi antolatzeko agindua emanda, 1980. urtean Martuteneko Itzultzaile Eskolak itzultzaileak era egituratu eta sistematikoan prestatzeko lehen pausoak eman zituen. 1990. urtean itxi zuten eskola, besteak beste titulazioak legeztatzeko arazoen ondorioz, baina eskola haren inguruan ibilitako lagun batzuk izan ziren elkartea eratu zutenak.

1984. urtean Martuteneko Eskolak Senez itzulpen aldizkaria sortu zuen, euskal itzulpengintzan ekarri teoriko ukaezina izan duena. Elkartea eratu zutenetik, bera arduratu da aldizkariaz. Gaur egun, sarean eskura daiteke, oso-osorik, aldizkaria.

Helburu jakin batzuk lortzeko sortu zuten EIZIE 1987. urtean Lurdes Auzmendik, Juan Mari Lekuonak, Xabier Mendigurenek eta Josu Zabaletak, eta horiexen inguruan lan egiten jarraitzen du:

  • itzulpengintzaren informazioa bildu eta zabaldu,
  • itzultzaileek itzultzaileentzat sorturiko Senez aldizkaria argitaratu,
  • gure aurrekoen lan sarritan eskerga aitortu, berreskuratu eta zabaldu,
  • itzultzaileen prestakuntzarako saioak antolatu edo sustatu,
  • literatura unibertsalaren ondarea euskarari ekartzeko bilduma bat sortu eta kudeatu,
  • profesionalen lan-baldintzei kasu egin,
  • itzultzailearen ikusgaitasuna landu,
  • itzulpengintza sustatu,
  • itzulpengintzak euskarari egiten dion ekarpenaz jabetzeko saioak antolatu,

Asmo horiek betetzeko xedez, hainbat jarduera antolatzen ditu urtero: ikastaroak, jardunaldiak, biltzarrak eta abar. Horretaz gain, zenbait argitalpen ere plazaratzen ditugu, Senez itzulpen aldizkaria, besteak beste.

Zuzendaritza Batzordea da jardun horren guztiaren gidari, eta bi urtez behin berritzen da. Estatutuen arabera, ondoko karguak ditu: lehendakaria, lehendakariordea, idazkari nagusia eta diruzaina. Hala ere, batzordeak bestelako kide batzuk ere baditu, sailen edo alorren arabera parte hartzen dutenak.
Horiez gain, Elkartearen egoitzan bi bulegari aritzen dira, eta beste zenbait kidek ere kolaboratzen dute, jardueraren arabera.

Bazkideek onura bereziak dituzte: lan-poltsa bat eta Barnekoa buletina, prestakuntza saioetarako lehentasuna eta prezio bereziak, argitalpen ororen ale bana doan…

Erakunde hauetako kide da EIZIE:

Senez

Itzulpengintzarekin zerikusia izan dezaketen alderdi guztien topalekua izateko asmoa du urtean behin kaleratzen den aldizkariak (gai hori duen euskarazko bakarra). Urteko aleaz gain, ale bereziak ere argitaratu dira tarteka (Senez grafikoa, gai monografikoak lantzen dituztenak eta abar).

Aldizkariak itzulpen teoriarekin, pragmatikarekin eta euskal itzulpengintzarekin aldez edo moldez zerikusia izan dezaketen beste alderdi guztien topalekua izateko asmoa du, batez ere euskaratik eta euskarara itzultzearen gaineko gogoetei eta esperientziei dagokienez.

Urtean behin kaleratzen da, nahiz eta ale bereziak edo monografikoak ere plazaratzen dituen, beharren arabera.

Ez die ukorik egiten beste hizkuntzetan idatzitako kolaborazioei; baina, ahal duela, artikuluak euskaraz argiratzen ditu —nahiz eta jatorrizko artikulua beste hizkuntza batean idatzita egon, euskaratu egin ohi ditu, itzulpengintzaren gainean plazaratzen den euskal aldizkari bakarra izateaz gain, irakurle gehienak profesional euskaldunak direlako—. Edukien eta idazleen aldetik, ikertzaileen eta profesionalen arteko orekari eusten saiatzen da. Alderdi grafikoari eta diseinuari ere arreta berezia ematen die.

Senez grafikoa

Ale berezi hau aldizkariaren 20. urteurrena ospatzeko kaleratu genuen. Ordura arteko azalak eta irudiak biltzen ditu (Juan Azpeitiaren lana), eta, horrekin batera, Anjel Lertxundiren kontakizun bat, zenbaki berezi honetarako propio idatzia: Berbelitzenak, ele bitan, Jorge Giménez Bechek egindako itzulpena baliaturik.

Itzulpen antologiak

Gaur egun itzulpengintza izaten ari den loraldiak ezin ditu ahaztu aurreko belaunaldiek eginiko lanak, baldin sustrairik eta euskarririk gabe, tradiziorik gabe geratu nahi ez badugu. Horregatik, EIZIEk bizirik dauden belaunaldi horietako itzultzaile batzuk omendu eta elkarteko ohorezko kide izendatzea erabaki zuen, bai eta haien lan batzuk argitaratzea ere, oraingo itzultzaileon ikasbide ere izateko asmoz. Helburu horren barruan, hiru antologia plazaratu ditu elkarteak:

Antologia I

“Txalupak jaberik ez”
Maria Dolores Agirre
“Gau iluna”
Lino Akesolo
“Don Kijote Mantxa'ko”
Pedro Berrondo
“Salmoak”
Jean Diharce “Iratzeder”
“Domiku Garat. Biltzarraren defendatzaile”
Yon Etxaide Itharte
“Itunben ekonomikoaren legea”
Eusebio Erkiaga
“Esakunak”
Jaime Kerexeta
“Illargi barria”
Santiago Onaindia

Antologia II

“Upel bethe amontillado”
Jose Basterretxea “Oskillaso”
“Ahaide delizius huntan”
Jean Haritschelhar
“Hainbat komiki”
Jose Antonio Retolaza
“Zaldun bitxia”
Juan San Martin
“Itsas-malda zuriak”
Maritxu Urreta
“Jesukristo. Kristau Fedearen Sustraiak”
Luis Villasante
“Kultura ezberdinen politika baten alde”
Piarres Xarriton
“Batzar Nagusiak Oraingo Giroan”
Augustin Zubikarai

Antologia III

“Eliz Testuak”
Hainbat egile
“Elizen Arteko Biblia”
Hainbat egile
“Baratza”
Joxe Agirre "Joxe Alkiza"
“Periklesen hitzaldia”
Patxi Altuna
“Kolonizatuaren ezagugarria”
Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi"
“Elebiduntasuna eta elebitasuna”
Dionisio Amundarain
“Izurde urdinen uhartea”
Mikel Atxaga
“Komando baten analisia”
Lukas Dorronsoro
“Zuberoa Aro Modernoan”
Hiazinto Fernandorena
“Errumes errusiarraren kontakizunak”
Xalbador Garmendia
“Hainbat kanta”
Andoni Lekuona
“Bi munduen sinfonía”
Juan Mari Lekuona
“Jose Mendiague”
Txomin Peillen
“Zenbait herri kanta”
Jose Maria Satrustegi
“San Frantziskoren eta lagunen loretxoak”
Juan Luis Zurutuza

Azken urteotan elkarteak ez du izendatu ohorezko bazkide gehiago, ezta antologia gehiago argitara eman ere, jakina, baina elkarteak ez du jo ekimena behin betiko amaitutzat.

Itzultzaile Aitzindariak bilduma

EIZIEk aspaldi ekin zion aurreko belaunaldietako idazle-itzultzaileen lana aitortu eta berreskuratzeko ahaleginari, eta horren emaitza izan da Itzultzaile Aitzindariak izeneko bilduma berri hau. Bildumako lehen hiru itzulpenak CEDROren laguntzari esker argitaratu ziren 2003an, 2004an eta 2005ean, eta Inazio Mujika idazle eta editoreak prestatu zituen edizioak:

  • Dickens-en Eguarri abestia (The Christmas Carol), Luzearrek itzulia.
  • Schiller-en Wilhelm Tell, Inazio Goenagak itzulia.
  • P.B. Kyne-ren Garailea (The Go-Getter).

2010ean, berriz, Juan Mari Lekuonaren itzulpen argitaragabe bat plazaratu genuen: Clara Janes poetaren Emblemas liburuaren ale batean eskuz eginiko itzulpena. Jon Kortazarrek eta Paulo Kortazarrek prestaturiko edizio hau Oiartzungo Udalaren eta Kultura Sailaren laguntzaz argitaratu zuen elkarteak.

Aurten, elkarteak Shakespeareren A Midsummer Night's Dream antzezlanaren gainean Bingen Ametzaga itzultzaileak XX. mendearen erdialdean egindako bertsioa plazaratuko du, orain arte argirik ikusi ez baitu liburu osotzat. Elizabete Manterola arduratuko da prestalanez, eta ekimena gauzatuko da EIZIEk eta Donostia 2016 Fundazioak egindako elkarlanaren ondorioz.

Literatura Unibertsala bilduma

Literatura Unibertsala bilduma Eusko Legebiltzarrean onarturiko ekimen baten ondorioz jaio zen, 1989. urtean. Lehen aroan (1990-2002), 100 liburu itzuli ziren, eta Ibaizabal argitaletxeak kaleratu zituen. Bigarren aroan (2002-2010), beste 52 liburu kaleratu dituzte Alberdania eta Elkar etxeek, lankidetzan. Lehiaketa publikoz hautatu ziren argitaletxe horiek. 2011. urtean abiarazi genuen hirugarren aroa.

Aro berri horretarako ere lehiaketa antolatu zuen EIZIEk, eta bi argitaletxek hartu dute beste 50 liburu argitaratzeko ardura, bildumarako bat eginik: Erein eta Igela. Paperezko edizioa ez ezik, liburu batzuen edizio digitala ere eskaintzen dute argitaldariok.

Katalogoa osorik ageri da elkartearen webgunean eta Kultura Sailarenean.

Urrezko Bibliotekabilduma

Ikusirik Literatura Unibertsala bildumako lehen 100 izenburuak eskuraezinak zirela, obra horiek paperezko liburu forman berreskuratzeko plangintza diseinatu zuen EIZIEk 2010. urtean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin duen lankidetza hitzarmenaren bitartez.

Urrezko Biblioteka izena jarri zioten liburu berrargitaratuek osatuko duten bildumari, bai eta Elkar argitaletxeari lehiaketa publiko bidez esleitu ere liburuok argitaratzeko lana.

Aspaldi itzulitako obrak direnez eta bitarte horretan euskarak berak hainbat gauza finkatu dituenez, orraztuak eta zuzenduak berrargitaratzen dira itzulpenok. Hona hemen orain arte plazara etorriak:


Zk.

Egilea

Izenburua

Itzultzailea

Jatorrizko izenburua

Urtea

01

Eugène Ionesco

Emakume abeslari burusoila

Jon Muñoz

La cantatrice chauve

2011

02

Katherine Mansfield

Lorategiko festa

Antton Garikano Iruretagoiena

The Garden Party and other stories

2011

03

Edgar Allan Poe

Kontakizunak

Koro Navarro

**** (antologia)

2011

04

Daniel Defoe

Robinson Crusoe

Aintzane Ibarzabal

Robinson Crusoe

2012

05

William Shakespeare

Hamlet

Juan Garzia Garmendia

Hamlet

2012

06

Jonathan Swift

Gulliverren bidaiak

Iñaki Mendiguren

Gulliver's Travels

2012

07

Gustave Flaubert

Madame Bovary

Patxi Apalategi

Madame Bovary

2012

08

M.J. Lermontov

Gure garaiko heroia

Jose Morales Belda

Geroi nashego vremeni

2012

09

Jane Austen

Harrotasuna eta aurrejuzguak

Ana Isabel Morales

Pride and Prejudice

2013

10

Poeta katalan garaikideak

Antologia

Gerardo Markuleta

****

2014

11

Jules Verne

Mikel Strogoff

Karlos Zabala

****

2014

12

Joseph Conrad

Ilunpeen bihotzean

Iñaki Ibañez

Heart of Darkness

2014

Literatur itzulpena hedabideetan

Literatur itzulpenak agertzea bermatzeko eta literatur itzulpenen irakurzaletasuna sustatzeko asmoz, Literatur Itzulpena Hedabideetan programa sortu zuen EIZIEk 1991. urtean.

Ekimen horren barnean, zenbait elkartekidek eginiko kritikak edo iruzkinak argitaratu izan ditu urte askoan, Euskal Herriko hainbat egunkaritan eta elkartearen web orrian.

Azken urteotan, ordea, itzulpena areago agertze hori berez bermatuta dirudi, eta, hori dela eta, 2014an programa bertan behera uztea erabaki zuen elkarteak. Nolanahi ere, hedabideetan ikusten ditugun iruzkinak biltzen jarraitzen dugu, orain arte bezala, batez ere Armiarmaren Kritiken Hemerotekatik.

Bestalde, Nor da Nor euskal itzulpengintzaren datu-basean ere irakur daitezke iruzkinok, obra bakoitzaren fitxan azaltzen baitira.

NorDaNor, Euskal Itzulpengintzaren datu-basea

Seguru asko, elkarteak azken urteotan abiarazitako ekimenik garrantzikoenetako bat da. Euskal itzulpengintzari, interpretazioari eta zuzenketari buruzko informazioa bildu eta zabaltzeko asmoaren barruan, Nor da Nor, Euskal Itzulpengintzaren Datu-Basea sortu du EIZIEk, euskaratik eta euskarara egindako itzulpengintza, interpretazioa eta zuzenketa diakronian eta sinkronian zertan den jasotzeko.

Informazioa bi ardatz edo atal nagusiren inguruan antolaturik dago: itzultzaileak eta itzulpenak, elkarri loturik. Alegia, itzulpenetatik abiatuta itzultzaileen datuetara jotzeko aukera ematen du, eta alderantziz.

Proiektuan, EIZIEko kideez gain, hainbat alorretako adituek ere parte hartzen dute, datu-baseak ohiko kalitate eta fidagarritasun estandarrak betetzen dituela bermatzeko.

Edonork bidal diezazkieke datuak datu-basearen arduradunei, baita edukiak zuzendu, aldatu nahiz ezabatzeko eskatu ere, indarrean dauden legeekin bat.

Itzulpenak atala hau osatzeko, lankide ditugu bai Armiarma taldea —euskaratutako lanei dagokienez—, bai Elizabete Manterola eta EHUko Euskara Institutua —euskaratik itzulitako obrei dagokienez—.

Une honetan, literatur lanak jasotzen ditu datu-baseak, baina laster batean beste eremu batzuetara zabalduz hasiko da.

ItzuL posta zerrenda

ItzuL EIZIEk sortutako posta zerrenda da. Haren helburua da euskal itzultzaile, interprete eta zuzentzaileentzat lagungarri izatea, eguneroko lanean sortu ohi diren arazoak beste lankideen laguntzaz konpondu eta eztabaidatzeko foro elektronikoa eskaintzen baitu.

Bereziki, gai hauek eztabaidatzen dira ItzuL zerrendan:

  • itzulpen arazo praktikoak: terminoak, esamoldeak, jatorrizko testua ulertzeko zailtasunak, kontzeptu ilunak, izen propio ezezagunak, eta abar;
  • erreferentziak, hiztegiak, hitz zerrendak eta beste zernahi gisako informazio iturriak non aurki daitezkeen;
  • softwarearen globalizazioari eta lokalizazioari lotutako arazoak;
  • itzulpen teoriari buruzko gaiak;
  • egindako itzulpenen ordainketa arazoak, itzultzaileen lan baldintzak, lanbideari lotutako gaiak;
  • itzulpen munduko berri jakingarriak;
  • itzultzaileak erabili ohi dituen tresna nahiz programa informatikoen gaineko zalantzak, galderak, konponbideak, berriak, eta abar;
  • itzulpengintzako lan eskaintzak.

ItzuL zerrenda publiko, ireki eta moderatugabea da. Harpidedunek zerrendara bidalitako mezuak automatikoki banatzen zaizkie zerrendakideei, inolako giza ukiturik gabe. Euskarazko posta zerrenda aktiboenetako bat da.

Zerrendaz gain, elkarteak abian du blog bat, 31 eskutik deritzona, egunero euskararen erabilerari buruzko testu bat argitaratzeko, xede gutxi-asko didaktikoz idatzia. Hartan 31 partaidek esku hartzen dute, borondateko lanean.

Bestalde, nabarmentzekoa da Langintza Xeheki egitasmoa. Itzultzerakoan bakardadea behar badugu ere, itzulpengintzak elkarlana eta besteen ikuspuntua, iritzia, behar ditu orobat. Itzulpen lanak, idazlan den bezainbatean, irakurleak behar ditu, eta irakurleen nahiz ikertzaileen iritzia.

Ez da itzulpen kritika hutsa, hartatik ere baduen arren. Manikeismotik urrun, itzulpen bakoitzean zer egin den eta zergatik ulertzeko bidea eman nahi du, langintza ulertzen laguntzeko. Ariketaren gaineko gogoeta lekua eratu gura du, testuak aztertzerakoan hainbat molde erabilita.

Honaino, labur-labur, elkartearen argitalpen elektroniko eta paperezkoetan zabalago eta sakonago jorraturiko edukietako batzuk, EIZIE zer den ulertzeko lagungarri.

Volver arriba

Compartir
Reproducción parcial o total de contenidos o ilustraciones sólo con autorización por escrito de la redacción y citando autor y fuente.